XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bildu ahal izan ditugun aita Dominixe Iribarne Ortzaiztarraren eskutitzak, hiru Otoizlari zenbakitan argitaratzen ditugu.

Huna hemen bigarrena.

Huna ere, haatik, gure arteko... ZENBEIT BERRI.

Joanden uztailaren 10-ean, gure artzain xaharraren ehorzketak ginituen.

Haren etxekoak hor ziren, Aiherra-tik, Donamarti-tik eta Lekuine-tik etoriak; hor ziren ere Beloke-ko fraide guziak beren otoitz kartsuenekin, kantu ederrenekin.

Aita Adrien Gachitegui-ri zoakon Ebanjelio ondoko hitzaldiaren egitea; huna, hastean, erran dituen euskarazko hitzak: Adixkide sinetsdun maiteak, Zeruko aitak deitzen gaitu bakotxa bere izenaz... Guk, haren ardiak, ezagutzen dugu haren mintzoa eta jarraikitzen gaizkio...

Duela hogoi urte, huna nolakoa agertu zitzaidan Dominitxe, lehen aldikotz haren ezagutza egitean.

Egin ginuen komentuko artzainen besta bat, behar guziekin.

Bordako sukalde kedarrez tindatua zen eliza; izan zen kantu, prediku, komuniatze...... bazkari.

Mezako ebanjelioa zen orai berean irakurtu duguna.

Orroit niz zonbat Dominitxe unkia zen entzun hitzez: Jainko artzainak bakotxa bere izenaz deitzen... zoin egia den! ziola.

Egin bainuen nihauren baitan To, hunek badik sineste, holako plazerra hartzeko erran hori gogoan erabiliz.

Ez balu sineste hori izan, eta guk ez baginu sineste bera: egun, ez ginuke hemen izaiterik eta deus elgar erraitekorik.

Alainan, zer da hiltzea baino gauza tristeagorik?.

Nigar egin, burua apal, ixilik egon... Zer daike bertzerik betiereko bizia baitan sinesten ez duenarentzat?.

Denek min badugu Dominitxe hiltzeaz, erran dezaket, nik hasteko, bihotza besta batean bezala dudala; segur bainiz Dominitxe bizi dela, berak eta guk uste dugun baino gehiago bizi, jadanik, lur huntan, Jainkoaren biziaz bizi zelakotz.

Eta hil den pondutik ene otoitza da: Jainkoari, bere zorionean, Dominitxe har dezan; eta Dominitxeri, lagunt nezan, lagunt gaitzan bera bezain zuzen bizitzen.